XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hego Euskal Herrian 11 kasu egunero GURASOEN ETXETIK IHESEGITEA: PROTESTA HUTSA BAINO GEHIAGO

Semealaben adina aurrera doan neurrian eta hamabost urtetik gora batik bat, arazo larri bat aurkeztu ohi zaie gehienetan gurasoei: gaztetxoak bere kabuz funtzionatzen hasten dira, eta neurri egokian tratatzen asmatzen ez bada problema benetan latzak sor daitezke.

Horietako bat etxetik ihesegiten duten gaztetxoena izango litzateke.

Askotan kapritxo edota behinbehineko gauzatzat hartzen dena, baina gaur egun hori baino askoz gehiago bilakatu dena: serioski planteiatu beharra dagoen gaisotasun sozial bat.

Zeren azkenerako beti berdinak izaten dira ogena ordaintzen dutenak, gazteak, haiek bait dira ekonomikoki babesik ez dutenak.

Arazo sozial bati buruz ari bagara eta areago marjinazioari dagokiona baldin bada lehen mementuan ohartarazten gaituena egunkari eta irratietako berriak izaten dira.

Haren ondoren, estatistikak.

Gurasoen etxetik aldegiteari begiratzen badiogu, ez bata ez bestea ez zaio batere falta: irratietan eta egunkarietan noiz nahi aurkitzen ditugu etxetik ihesegindakoen kasuak, eta estatistikak garbiak bezain kontundenteak.

Hego Euskal Herrian urteko 4.000 kasu gertatzen dira gutxi gorabehera.

Estatu Espainolean 30.000tik gora.

Horrek adierazten duena garbi dago: eguneko egun gazteak baino gehiago etxetik aldegiten dute.

Gauza ikusgarria da askoz neska gehiago direla mutilak baino.

Agian anekdota hutsa izan daiteke, baina urte batetan eta hurrengoan gertatzen denez pentsa liteke bestelako esanahirik ere izan dezakeela.

AZKEN URTEOTAKO ALDAKETAK

Zifra horiek garbi adierazten digute arazo larri baten aurrean gaudela.

Eta horrelako arazoen aurrean maizegi gertatzen den bezala, ez dirudi sakoneko arrazoinak konpontzera doazenik.

Hala eta guztiz ere, izan da aldaketa bat azken urteotan aldegiteen kontu horretan, gutxitze aldetik alegia.

Izan ere, azken hiru urteetan horrelako kasuen zifra jaitsi egin da batetatik bestera.

Hori bai, gurasoen etxetik aldegiten dutenek lehen baino urte gutxiago dauzkate.

Nolabait esan daiteke alde horretatik ere aldaketa nabarmena izan dela.

Adinaren kontua oso ikusgarria da, zeren garai batetan badirudi gehiago egoten zela zain hemezortzi urteen (edo hogeitabat duela urte batzu) ingurura iritsi arte pauso hori ematera ausartzeko.

Dena dela gurasoekin izandako konflikto baten ondorioz hartzen denean erabaki hori, beti adin nagusiaren kontu horrekin lotuta doa argi eta garbi.

Bestalde, adin gutxitze horrek zerikusi handia dauka drogak eta delinkuentziak marjinazio soziala elkartzen duten lekuekin batik bat.

ARRAZOIAK, BERRIZ, BEREN HORRETAN BERDIN

Arrazoinak, halere, ez dira asko aldatu, eta ihes egindakoei galdetuz gero zergatik, garbi azaltzen da arrazoin horiek ez direla aspalditik aldatu.

Normalean etxeko egoera jasangaitz batetatik sortu izaten da etxea uzteko erabaki hori, hau da, komunikazio eta inkonprentsio problema bat.

Etxeko egoera pairaezina bilakatzen delako hartzen dira mota horretako erabakiak, baina dudarik ez dago logikoa litzatekeen guztitan ez dutela gaztetxoek etxetik ihesegiten.

Izan ere, familien bizitza eta egoera batzutan hain dejeneratua eta autoritarismoz beteta dauden mementu honetan, logikoagoa litzateke askoz kasu gehiago egotea.

Horrelako ihesegite baten kasuan, badirudi onartua dagoela egoskorrena eta burugogorrena gehienetan gaztetxoa dela, eta ez gurasoak.

Aitzitik, eta psikologoek nahiz soziologoek diotenez, gurasoak izan ohi dira jarrerarik gogorrena eta gorrena hartzen dutenak.

Hain zuzen ere, gurasoak dira familiako ekonomia eskutik helduta daukatenak eta badakite dirua dela aldegitea edo geratzea erabakitzen duen faktorea.

Horretaz konsziente dira gurasoak eta horretaz baliatzen dira, hemen gurekin zauden bitartean, hau edo beste hura egin beharko duzu eta puntu.

Horrelako egoerek mutur batetara jotzen dutenean hartzen da normalean gurasoak pikutara bidali eta etxetik ihesegiteko erabakia.

Dena dela, eta legez hemezortzi urte arte etxetik aldegiterik ez badago, gero eta inportantzia gutxiago dauka muga legal horrek: alde batetatik nahiz eta gurasoek salatu, poliziak ezer gutxi egin dezakeelako, eta bestetik gurasoei berei gero eta bururatzen zaielako parte ematea.